3. Jasotako kexak
2012. urtean 2.943 erreklamazio jaso ditugu guztira: 2.764 kexak izan dira, eta 179 idatzizko kontsultak. Gainera, ofiziozko 69 jarduera hasi ditugu. Honekin batera doan grafikoan ikus daitekeen bezala, kopuru hori Arartekoa sortu zenetik handiena da eta % 50 hazi da, gutxi gorabehera, azken 2 urteotan.
(4. grafikoa)
Jasotako kexen kopuruaren bilakaera
(2000 -2012)*
* 1989az geroztiko segida osoaren informazioa Arartekoaren web guneko Berrikuntza eta Estatistika atalean kontsulta daiteke.
Horietatik 2.529 (1999 izan ziren 2011n) tramiterako onartu dira, Arartekoak aztertu eta iker ditzan. Geroago, benetan tramiterako onartutakoak sailkatuko ditugu, Arartekoaren lan-arloak oinarritzat hartuta.
– Onartu gabeko kexak
Ararteko erakundea sortu eta arautzeko 3/1985 Legearen 21. artikuluan adierazten dira zein zertzelada gertatu behar duten herritarren kexak ez onartzeko. Horrela, hainbat arrazoirengatik onartu ez diren kexak bereizi behar dira: norbanakoen arteko gatazka zelako, ordurako auzitegian azalduta zegoen arazoren bati buruzkoa zelako (epai irmoa jasota edo epailearen ebazpenaren zain), edo erakunde honen eskumen eremutik kanpo zegoelako.
Nolanahi ere, kexei ahalik eta babes juridikorik handiena eskaintzeko irizpidea mantentzen da; horrela, ahalegina egiten da prozedurazko arauak herritarrek egindako kexa onartzearen alde interpretatzeko. Onartu ez diren kexetan, erakundea kexagileari aholku ematen ahalegintzen da beti, hark azaldu dituen arazoak konpontzeko egokienak izan daitezkeen bideei dagokienez.
(5. grafikoa)
Onartu gabeko kexak eta egoerak
– Estatuko Herriaren Defendatzaileari edo beste defendatzaile batzuei bidalitako kexak
Estatuko administrazioaren jardueraren kontrako kexak ez ditu zuzenean Ararteko erakundeak bideratzen, administrazio hori ez baitago erakunde honen kontrolpean. Kexa horiek Estatuko Herriaren Defendatzaileari bidaltzen dizkiogu. Gainera, kexa batzuk beste autonomia erkidego batzuetako parlamentuetako ordezkariei igortzen dizkiegu, horien eskumen-eremupean dauden herri-administrazioei dagozkielako.
Estatuko Herriaren Defendatzaileari bidalitako kexak | 108 |
Beste defendatzaile batzuei bidalitako kexak | 3 |
– Fiskalari bidalitako kexak
Justizia administrazioaren eta bulego judizialaren funtzionamendua | 2 |
– Arlo eta administrazio bakoitzari zuzendutako kexen kopurua zuzen interpretatzeko era
Hasiera batean, administrazio jakin baten jarduerek kexa asko eragiten badituzte edo arlo zehatz batean kexa anitz jasotzen badira, pentsa liteke horrek estua duela herritarrek administrazio horren funtzionamenduaz duten iritzi txarrarekin, zabarkeria, gehiegikeriak edo legez kontrako jarduerak egoteari dagokionez.
Hala ere, ñabardura garrantzitsuak egin behar zaizkio kexa-kopuruaren lehen pertzepzio eta interpretazio horri, ondorioak presaka ez ateratzeko, ondorio horiek okerrak eta bidegabeak izan baitaitezke eragindako administrazioei dagokienez.
Horrela, nahiz eta administrazio jakin baten jarduerak sortutako kexa-kopurua hasiera batean esanguratsua izan, are esanguratsuagoa da −eta hori da egiaz garrantzitsua− zenbat kexatan izan zituen kexagileak erakunde honetara etortzeko moduko arrazoiak, administrazio batek oker jokatu zuelako. Halaber, erakunde honen iritziz, kexa-kopuruaren datua bera baino garrantzitsuagoa da kasuan kasuko administrazioaren jokabidea, bai ezarritako epean informatzeko betebeharra betetzeko orduan, bai erreklamazioa ikertu edo aztertu ostean emandako ebazpenei dagokienez. Hau da, funtsezkoa da administrazioak gomendioak edo iradokizunak onartzen dituen ala ez egiaztatzea, administrazioak oker jokatu duela antzeman denean.